Ingurumena hobetzeko lanean

Usted está en:

Prozesua

Bilbok argi ikusten du egungo garapen-ereduak sortzen duen problematika globala eta, era berean, ondo daki elkartasuna eta tokiko ikuspegia behar direla planetari nahiz gure oinordekoei kalterik ez egiteko.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, aurrerapauso kualitatiboa eman zuen udalerriak iraunkortasunaren hatsarreak eta irizpideak udal kudeaketan zeharka aplikatuz. Horrela bada, 1998ko martxoaren 31n, Bilboko Alkateak Aalborg-eko Gutunarekin bat egiteko agiria sinatu zuen, Udalaren ordezkari gisa.

Une hartatik aurrera hasi zen Tokiko Agenda 21 Bilbon aplikatzeko prozesua; lehenik eta behin, hasierako diagnostikoa egin zen (Udal kudeaketaren ingurumen-kalitaterako eredua 1999-2000 martxan jartzearekin batera) eta, aldi berean, jorratutako alderdirik garrantzitsuenetakoekin erlazionatutako adierazleak kalkuluetan sartzea proposatu zen.

Euskadin, Garapen Iraunkorrerako Euskal Ingurumen-agendako helburuak betetzen laguntzeko asmoz, Iraunkortasunaren aldeko Euskal Udalerrien Sarea sortu zen 2002ko bukaeran, Udalsarea 21 izenarekin. Bilbo 2003ko abenduan sartu zen Udalsarea 21en, udal mailan Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozesua dinamizatzeko xedearekin.

Une hartatik aurrera eta 2004 urtean zehar, egindako lanak berrikusi ziren, iraunkortasunaren alderdiak esku-hartzearen hiru esparruen ikuspuntutik baloratuz eta ez bakarrik ingurumeneko alderdien ikuspuntutik. Gainera, parte aktiboa hartu zen Aalborg +10 konferentzian eta Bilboko Agenda 21aren 2005-2008 Tokiko Ekintza Plana prestatzeko, laguntza teknikoa kontratatu zen lehiaketa publikoaren bidez. 

2004an iraunkortasun-diagnostikoa eguneratu zen eta, 2005-2008 Tokiko Ekintza Plana prestatze aldera, Hiritarren Parte-hartzerako Plana martxan jarri zen.

Zehazkiago, 2005eko bukaeran onetsi zen Bilboko Agenda 21aren barruko 2005-2008 Tokiko Ekintza Plana.

Tokiko lehen Ekintza Plana onetsiz, Bilboko etorkizunerako estrategia definitu eta helburu nahiz egitasmo zehatzak ezarri ziren, gizartea modernoagotu, bidezkoago egin eta elkartasun handiagoa izateko, ingurunearekiko arduratsua den tokiko ekonomia dinamikoa lortzeko eta hiri-ingurune iraunkorra erdiesteko, bilbotarren bizi-kalitatea hobea izan zedin.

iraunkortasuna8 ildo estrategiko ditu 2005-2008 Ekintza Planak, 22 Ekintza-egitasmo eta 130 ekintza zehatz, era honetan antolatuta: 

  • 1. ildo estrategikoa: Bilbon ur- eta energia-kontsumoa arrazionalizatu eta murriztea. 
  • 2. ildo estrategikoa: Bilbo, mugikortasun eta garraio iraunkorrerantz. 
  • 3. ildo estrategikoa: Bilbon kutsadura gutxiagotu eta ingurumen-kalitatea hobetzea. 
  • 4. ildo estrategikoa: Bilboko lurralde-plangintzan eta –kudeaketan iraunkortasun-irizpideak aplikatzea. 
  • 5. ildo estrategikoa: Bilbon ekonomia iraunkor eta orekatua sustatu eta gizarte-ehun ekintzailea bultzatzea, ezagutzaren gizartearen barruan. 
  • 6. ildo estrategikoa: Bilbo negozio-, kultura- eta turismo-hiri gisa sustatzea. 
  • 7. ildo estrategikoa: Bilbo pertsona guztien alde. 
  • 8. ildo estrategikoa: Bilbon parte-hartzearen kultura sustatu eta udal kudeaketa hobetzea.

Tokiko Ekintza Plana onestearekin batera, Bilboko Iraunkortasun-adierazleen Sistema definitu zen, tokiko 34 adierazleren bidez, udalerriak garapen iraunkorrerantz duen bilakaera erakusten duena.

2006an zehar, Parte-hartzerako eta Komunikaziorako Plan berria garatu eta hiriko barruti guztietara eraman zen, bilbotar guztiak Tokiko Agendaren prozesuan inplikatzeko asmoarekin. Bestelako jarduerei dagokienez, 2006ko abenduan, “Hiriko ingurumena, gure hirien apustua iraunkortasunaren alde” izenburuko jardunaldiak ospatu ziren Bilbon. Hiri handietako ordezkariak eta nazioko zein nazioarteko mailan garrantzi handia duten erakundeetakoak bertaratu ziren, zituzten erronken inguruan eta erronka horiei aurre egiteko martxan jarri zituzten tokiko ekintza aitzindarien inguruan eztabaidatzeko.

Aldi berean, 2005az geroztik 2005-2008 Tokiko Ekintza Plana geroz eta gehiago aplikatu da eta, gaur egun, berrikuspen-fasean dago, Bilboko Agenda 21aren 2009-20013 Ekintza Plana prestatzeko xedearekin.

Dirección:

Agenda 21 - Bilboko Udala

San Agustin eraikina - Ernesto Erkoreka plaza, 12, 2A - 48007 Bilbo. Telefonoa 94 420 46 29 / 30