Ingurumena hobetzeko lanean

Usted está en:

Zer da Agenda 21

imagen que representa el globo terráqueo

21 Agendak tokiko iraunkortasuneranzko trantsizioa

bilatzen du. Garapen iraunkorraren hatsarreetan oinarritutako prozesua da eta, bizi-kalitatea igoko duen oreka lortze aldera, justizia soziala, ekonomia iraunkorra, hiri-ingurunea eta kapital natural iraunkorra uztartu nahi ditu.

Ingurumenari eta Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentzian du jatorria Tokiko Agenda 21. Konferentzia horri “Lurraren goi-bilera” ere deitu zitzaion eta 1992an ospatu zen, Rio de Janeiron.

“XXI mendean garapen iraunkorra sustatzeko programa globaletik” (21 Programa) jaio zen eta Lurraren goi-bileraren barruko programa horrek tokiko autoritateek garapen iraunkorrari dagokionez duten protagonismoa aintzat hartzen du: [...] Tokiko autoritateen eginkizuna da ekonomiaren, gizartearen nahiz ekologiaren azpiegiturak sortu, funtzionamenduan jarri eta mantentzea… Herriarengandik gertuen dagoen autoritatea izanik, oso funtzio garrantzitsua dute jendea garapen iraunkorraren alde hezi eta mobilizatzeko. (21 Programa, 28 kap.).

Tokiko Agenda 21 udalerriko ingurumena etengabe hobetzeko xedearekin jarduteko konpromisoa da, eta helburu jakin batzuk nahiz udal politiketarako estrategia komunak zehazten dituen tokiko planean gorpuzten da.

Hatsarre hauek oinarri hartuta eraiki da proiektua: 

  • Zeharkako proiektu global baten oinarria jarriz, udal kudeaketaren alor guztietan iraunkortasuna integratzea
  • Jarraitutasuna, epe luzerako ikuspegia duen etorkizun-proiektua delako. 
  • Gizarte-, ekonomia- eta instituzio-eragile guztien arteko lankidetzan parte hartu eta mobilizatzea.

Horrela bada, Bilbo Agenda 21 “udalerriaren eta udalerrirako” proiektu gisa aurkezten da, udal politikan aldaketa bultzatzen duena ingurumenarekiko errespetu handiago erakusten duen jarrera hartu dadin. Gainera, balio handiko tresna izango da udalerriarentzat etorkizuneko erronkei aurre egin eta hiritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko.

Zeri deitzen zaio garapen iraunkor?

1987an definitu zen lehen aldiz garapen iraunkorra kontzeptua, Brundtland txostenean; “komunitateko kide guztiei oinarrizko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-zerbitzuak ematen dien garapen-eredua da eta ez ditu arriskutan jartzen zerbitzu horiek eskaintzeko behar diren sistema natural, eraiki eta sozialak.”

Definizio hori mugarria izan da iraunkortasunari, garapen sozial eta ekonomikoari nahiz giza jarduerek planetan duten eraginari buruzko eztabaidan. Mendeetan zehar, gizateria orekan bizi izan da ingurumenarekin, baina azken hamarkadotan hazkuntzaren erritmoa izugarri handitu da teknologiaren arloko aurrerakuntzei esker. Era horretan, jardueren eta kontsumoaren kontrolik gabeko hazkuntzan oinarritutako garapen-eredua ezarri egin da.

Ondorioz, garapen eta hazkuntza mugagabeak talka egin du gure planetak giza jardueren eraginetara zein aldaketetara moldatu eta horiek asimilatzeko duen gaitasun mugatuarekin. Horrela bada, azken urteotan argi ikusi dira planeta osoan ageriko eragina duten disfuntzioak.

Bioaniztasuna era progresibo eta azkarrean murrizten ari da, baso-soiltzea areagotzen ari da, uraren kutsadura handitzen, airearen kalitatea galtzen ari gara, ozono-geruza suntsitzen, baliabide natural gehiegi kontsumitzen ditugu, espazio naturalak hondatzen ari gara, eremu jakin batzuetan gainpopulazioa dugu, txirotasuna eta gizarte-desberdinkeriak handitzen ari dira, etab.

Egoera horren aurrean, garapen iraunkorrak baliabideen erabilera eraginkorra sutatzen du, baita ingurumen-harmonia eta bidezkoa nahiz zuzena den gizarte-ordena ere. Oinarrizko bi hatsarre ditu planteamendu horrek: Epe luzerako ikuspegi iraunkorra eta alderdi sozialak, ekonomikoak nahiz ingurumenekoak kontutan hartzen dituen ikuspegi integrala.

Hortaz, iraunkortasunak egungo kontsumo-ereduak eta bizimoduak eraldatzea inplikatzen du, baita kontzientziatzea, sentsibilizatzea, ardura hartzea eta maila guztietan jarrerak aldatzea ere (maila teknikoan, politikoan, sozialean eta pertsonalean).

Dirección:

Agenda 21 - Bilboko Udala

San Agustin eraikina - Ernesto Erkoreka plaza, 12, 2A - 48007 Bilbo. Telefonoa 94 420 46 29 / 30