Albisteak
UDALAK TRAUKO KALEA OINEZKOENTZAT JARRIKO DU, AUZOKO BIHOTZA INDARTZE ALDERA
• Jardueraren helburua da bizi-kalitatea indartzea ingurune berri horretan oinezkoentzat aisiarako eta denbora librerako gunea jarrita; halaber, asmoa da kaleko jarduera ekonomikoa eta komertziala suspertzea
Bilbo, 2012ko ekainak 26. Bilboko Udala aste honetan hasiko da Trauko kalea oinezkoentzat prestatzeko lanak egiten, Balentin Berriotxoa eta Arno Mendia kaleen arteko zatian.
Jarduera Auzokide Planaren barruko proiektuetariko batean sartzen da, barrutian erabaki eta lehentasuna eman zaien proiektu horien artean. Jardueraren helburua da ingurune hori indartzea bizilagunek aisiarako gunea izan dezaten eta kalearen izaera komertziala eta bizileku-izaera berpiztea. Kalea oinezkoentzat jarrita, ingurua indartu nahi da auzoko bihotza gisa.
Era horretan, Trauko kalean 2.400 metro karratuko gune berria prestatuko da oinezkoentzat, lasaitasun handiagoarekin oinez ibili ahal izateko eta estetikoki atseginagoa izango den guneaz gozatu ahal izateko.
Gainera, Udalaren asmoa da kaleko saneamendu eta uraren sareak guztiz berritzea eta bertako argiak aldatu eta indartzea, oinezkoen gunearen izaera berrira egokitzearren.
Halaber, kalean zuhaitzak landatuko dira estetika gozoagoa eta hurbilagokoa izate aldera, eta eserlekuak jarriko dira inguruneak egoteko eskainiko duen izaera berria indartzeko asmoarekin.
Baldosa ekologikoa
Trauko kalea oinezkoentzat bihurtzeko, karbono dioxidoa xurgatzen duen zoladura berezia jarriko du Udalak, Lutxana kalean egin zuen moduan. Ingurumen aldetik iraunkorra den sistema hau erabiltzen duen lehen hiria da Bilbo.
Bide osoan ezarriko den baldosa ekologikoaren metro karratu bakoitzarekin 5.000 metro kubiko aire garbituko dira baldosak izango duen balio-bizitzan zehar (12 eta 15 urte artean).
Zoladura berriaren diseinua eta erresistentzia Bilboko baldosaren berdina izan arren, berriak GeoSilex izeneko produktu bat du, CO2 xurgatzeko aukera ematen duena.
Lanak 4 hilabetetan egingo dira, eta, guztira, milioi erdi euroko inbertsioa egingo da.

