Albisteak
“4CITIES4DEVELOPMENT” EUROPAR PROIEKTUAREN BARRUAN UMEENTZAKO “ZURI” IZENEKO IPUIN SOLIDARIOAREN AURKEZPENA BILBOKO UDALAREN ETA SLOWFOOD BILBAO BIZKAIAREN ESKUTIK
• Elikaduran nekazaritza-inguruak eta tokian tokiko animalia-arrazek duten garrantziaz umeak sentsibilizatu nahi dira ipuinaren bidez.
Bilbon, 2012ko uztailaren 27an.- Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, eta Slowfood Bilbao Bizkaiak umeentzako “Zuri” ipuina aurkeztu dute. Euskaraz eta suajiliz argitaratu dute ipuin solidario hori. Ekimena “4cities4development” proiektuaren barruan dago.
Narrazioaren bidez sentsibilizatu nahi dituzte umeak herrien elikaduran nekazaritza-inguruak eta tokian tokiko animalia-arrazek duten garrantziaz. Horretarako, Belén Lucas ipuinaren idazleak ume biren eta hauek duten “Zuri” izeneko ahuntz banaren istorioa.
Alde batetik, Paul umearen istorioa dugu. Bilbokoa da Paul eta ahuntz bat du Gorbeia aldean aitita-amamek duten baserrian. Ahuntz horrekin olgetan ibiltzen da asteburuetan eta oporretan. Beste alde batetik, Jaali dugu, Keniako Pokot tribuko ume ahuntzaina. Honek ahuntz-talde guztitik badu ahuntz bat oso maitatua, Zuri izenekoa.
Zuri hitzak suajiliz “polita” esan nahi du. Bai euskaraz, bai suajiliz, ahuntzek izen bera edukitzeak ahalbide eman dio idazleari 8 urteko umeen istorioak azaltzeko. Ume bien errealitateak, zeresanik ez, oso ezberdinak dira. Paulentzat ondo pasatzeko da Zuri; Jaalirentzat, ordea, ondo zaindu beharreko aberea da Zuri, esne ona emateko eta gero esne horrekin kamabele kambou-a egiteko. Kamabele kamboua behi-esnea eta ahuntz-esnea cromwo-zuraren errautsaz nahastuta prestatzen duten jogurta da.
Kontzientziazioa eta heziketa
2009tik, Bilboko Udalak eta Slow Food Bilbao-Bizkaiak lan egiten dute biodibertsitatearen alde elikadura-arloko heziketaz kontzientzia handiagoa hartzeko eta nekazaritza-ingurua gizarteari hurbiltzeko ingurumena zainduz eta, batez ere, hori guztia herritar guztien artean zabalduz; hau da, umeen, gazteen eta helduen artean hori guztia zabaltzeko.
Gainera, Bilbo Europar Batzordeak abian jarritako“4cities4development” izeneko garapenerako proiektuan parte hartzen duen lau hirietako bat da.
Bilborekin batera, Torino, Tours eta Riga hiriak daude. Bilboko Udalak honetan modu estuan lan egiten du Slowfood Internacional erakundearen ordezkaria den Slowfood Bilbao Bizkaiarekin.
Helburu nagusia herrialde garatuetan jendea hirugarren munduan dauden elikadura-komunitateez sentsibilizatzea da; batez ere, ekoizteko, transformatzeko eta kontsumitzeko metodoez sentsibilizatzea. Horrela, Europar Batasuneko herritarrak kontzientziatuz gizartea horren gainean jakitun egongo da eta konpromiso handiagoak hartuko ditu.

