Agurra
Etorkizunera irekitako atea
Bilbo nortasun handiko hiria da, tradizioak zaintzen eta etorkizunari ateak zabaltzen jakin izan duena.
Hiru hamarkada eskasetan, Bilbo, ingurumen arazo larriak eta industria-sistema krisi estrukturalean zituen hiria izatetik, Europan bizi, bisitatu eta inbertitzeko dagoen hiririk erakargarrienetakoa izatera igaro da.
Gure aurkezpen-txartelean, Bilbo Europako hiri modernoa da, hiri-esparru erakargarriez, kalitate handiko arkitekturaz eta kultura, sukaldaritza eta aisia alorreko lehen mailako eskaintzaz hornitutakoa, teknologikoki aurreratuta dagoen industri eskualde baten zerbitzukoa, eta negozioen alorrean ondo posizionatuta dagoena.
Bilbotarrok harro gaude Guggenheim Museoaz, eta harro gaude titanioak Itsasadarreko ur berreskuratuetan egiten dituen islez ere.
Guretzat, atsegin handia da ibai-bazterreko pasealeku berrietan ibiltzea, Zazpi Kaleetako Erdi Aroko erdigunetik Bilbo nazioarteko erreferentzia bilakatu duen abangoardiako arkitekturaraino.
Bisitariei kontatu ohi diegu, Kongresu eta Musikaren Euskalduna Jauregia ontziola zaharreko lursailetan altxatutako ontzi-eraikina dela; eta Alondegia, ardo eta likoreen biltegi zaharra, hiri-kultura garatu eta hedatzeko erreferentziazko zentroa dela dagoeneko.
Eta Artxandan osteratxo bat egitea ere gomendatzen diegu, hiriaren ikuspegirik ederrenez goza daitezen.
Urbanistek hiri-iraultza izendapena erabiltzen dute Bilbon azken hiru hamarkada hauetan gertatu diren aldaketak definitzeko. Nik neuk, ordea, aurrera jarraitzen duen hiri-eraldaketa prozesuaz hitz egitea nahiago dut.
Izan ere, Abandoibarra, Ametzola, Miribilla, Basurtu-San Mames eta Zorrotzaurreko hirigintza-proiektu handiekin batera, Bilbok, oreka urbanistikoa, soziala, ekonomikoa eta ingurumenaren alorrekoa oinarri duen hiri-eredu jasangarri eta giza-neurrikoa gauzatzen ikasi du.
Oraingoan ere, berrikuntza eta Bilboko herriak hiria behin eta berriz asmatzeko duen gaitasunaren ildotik, baikortasunez eta aurrera egiteko gogoz begira diezaiokegu etorkizunari.
Antzeko zerbait gertatu zen 1.300 urtean, Bilbo Bizkaiko gainerako elizatetatik bereizitako Hiribildu bihurtu zenean; eta 1.511n, Merkataritza Ganberen eta Europa osoko tankera beretsuko erakundeen aurrekaritzat jotzen den Bilboko Kontsulatua sortu zuenean, edota XIX. mendearen amaieran, finantza eta industria alorreko garapen azkarra hasi zuenean.
Ona da historiari begiratzea nondik gatozen eta nora goazen jakiteko. Bilboren kasuan, historiak ederki asko frogatu du, hiri eta gizarte bezala aurrera egiten lagundu diguten helmuga berrien alde apustu egitea izan dela betidanik hiriaren arrakastaren sekretua.
Asko daukagu egiteko. Besteak beste, gure Herria eta munduaren erdia astintzen duen krisiaren aurka borroka egitea. Horrekin batera, bakearen aldeko bidea jorratu eta aberastasuna sortu behar dugu egoera tamalgarri asko konpondu ahal izateko. Zeregin honetan ere, bilbotar guztien laguntza izatea espero dut.
IÑAKI AZKUNA. Bilboko Alkatea

