Drogen eta alkoholaren kontsumoa
Gaur egun, alkohola eta drogak aisialdiaren kulturari lotuta daude. Garai batean marjinaltasunarekin lotutako heroina cannabisarekin, kokainarekin edo extasiarekin ordezkatu da, elkarrekin edo alkoholarekin konbinatuta.
Nerabezaroan usu esperimentatzen da substantzia horiekin eta aisialdirako erabiltzen dira. Batzuetan, nerabeek uste dute zauritu ezinak direla, arauen gainetik igaro daitezkeela haiei ezer gertatu gabe eta substantzia berri horiek probatuz kontrola galdu, dibertitu eta arazoak aldenduko dituztela.
Alkohol eta drogen kontsumoaren prebentzioak familiari funtsezko garrantzia ematen dio, izan ere, agente nagusia da arriskuko portaeren prebentzioan, bertan hartzen eta garatzen baitira norberak bere bizitza guztian garatuko dituen portaerak, sinismenak, jarrerak eta balioak. Horretarako, aipatutako kontsumoa prebenitzen duten eta familiak betebehar aktiboa eta erantzulea hartzera bultzatzen duten programak garatu behar dira, hartara, euren prebentzio-lana errazten duen laguntza tresna eskura izango dute familiek.
Komenigarria da drogaren definizioa honelakoa dela jakitea: gure organismoan edozein bidetik sartutako substantzia natural edo artifizial oro, eta horrek, ondorioz, gorputzean, buruan edo errealitatea hautematean gorabeherak eragiten ditu. Horretaz gain, kontsumitzen duen pertsonarengan kontsumitzen jarraitzeko premia sor dezake.
- Erabilera: banakoarengan ondorio txarrak sortzen ez dituen kontsumoa noizean behin erabiltzen dituelako edo hartutako kopurua oso txikia delako.
- Ohitura: behin eta berriro egiten den kontsumoa. Dosia ez handitu arren, mendekotasun bat sor daiteke.
- Gehiegizko erabilera: substantzia baten gehiegizko erabilera edo erabilera ez egokia.
