Bilbao.net

2013ko maiatzaren 24a

Bilaketa aurreratua

Educar y crecer en familia eu
Ruta:

Autonomia-ohiturak


Seme-alabak jaiotzen direnetik, familiek haien garapena bideratzen dute laguntzen bidez, umeen segurtasuna eta konfiantza handituz, seme-alabek haien adinaren araberako independentzia eta autonomia-maila gutxika har dezaten.

Hortaz, gurasoen papera funtsezkoa da autonomia indartu eta gehiegizko babesa ekiditeko (haien partez hitz egitea, zapatuak jarri eta kentzea, etab.), baina, era berean, behar-beharrezkoa da erdibidea aurkitzea eta erantzukizunak goizegi ez ematea. Haien adinarengatik eguneroko jardueretan autonomia jakin bat lortu behar izan dutenean laguntza gehiegi emateak ez die mesederik egingo. Kontua da azkenean, umea heldu bihurtzen denean, bere burua zaintzeko gai izatea.

autonomia ohitura-ren argazkia Haurtzaroan, umeen autonomia sustatzeko, familiek norbera zaintzeko ohituren, segurtasun pertsonalaren, komunikazioaren, arauen eta mugen inguruko erantzukizun txikiak landu beharko dituzte eta, hori guztia, adina nahiz adin horri dagozkion lorpenak kontutan hartuz. Familiek gogoan hartu beharra dute azken helburua ez dela eguneroko lanak gurasoentzat errazago egitea, baizik eta seme-alabei behar dituzten estrategiak transmititzea etorkizunean pertsona heldu independenteak izan daitezen, egoera desberdinei moldatzearen bidez erantzun diezaieten, autoestimu handiagoa eta segurtasun-falta txikiagoa izan ditzaten eta, ondorioz, gizartera ahalik eta hobekien moldatu daitezen.

Seme-alabek haien adinaren arabera autonomia hobetzeko erarik onena gidariaren papera hartzea da, hau da, adibideak praktikaren bidez ematea, funtsezkoa baita aldi horretan ohartzea seme-alabek imitatu egiten gaituztela eta haien hezkuntzaren zati izango dela geuk zer egiten dugun eta nola egiten dugun.

Gainera, gurasoek seme-alabei ezagutza berri eta zailagoak irakasteko lanak ere hartu behar dituzte, horiek ikasteko gai direla argi eta garbi ikustaraziz. Horrexegatik ez da laguntza eskaini behar haiek eskatu baino lehenago, adibidez. Era berean, gauza berriak egiten saiatu eta porrot egiten dutenean, denbora eman behar zaie akatsak laguntzarik gabe konpontzeko. Kontua da haien gaitasunak indartu ditzaketen gauzak egin ditzatela eskatzea, betiere, haien adina eta behar duten laguntza kontutan hartuz.

Eguneroko jardueretan (arropa janztea, mahaian jatea, pixoihala zakarrontzira botatzea...) autonomia apur bat ematen badiegu, argi ikusiko dute egiteko gai direla sinesten dugula eta haiengan konfiantza dugula eta horrek etorkizuneko eguneroko jarduerak bideratzeko segurtasun handiagoa emango die.



Helbidea:

Bilboko Udala/ Ayuntamiento de Bilbao/ Bilbao Council

Ernesto Erkoreka Plaza, 1. zenbakia. 48007 Bilbo - Espainia. Telefonoa: 944 204 200