Gehiegizko babesa
Seme-alaben hezkuntzarekin eta hazkuntzarekin konprometitutako gurasoek, umeen oinarrizko beharrei erantzuteaz gain (elikadura, arropa, higienea…), pertsona guztien garapenean garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk ere zaintzen dituzte, hala nola, eskola-hezkuntza, beste helduekiko duten erlazioa, haien adinekoekin duten erlazioa, etab.
Helduek haien seme-alabei ematen dieten laguntzari erreparatuta ikusi daiteke guraso gisa dituzten funtzioak betetzen ari diren ala ez, laguntza gehiegi ematen duten ala ez edo, aitzitik, beharrezko laguntzak ere ematen ez dituzten.
Oro har, laguntza eta babes gehiegi ematen diete seme-alabek sufritzearen beldurrez eta, ondorioz, nahi zutenaren kontrako emaitza lortzen dute gurasoek. Era horretan lortzen dutena da seme-alabek haien helburuak lortzeko dituzten gaitasunak ez baloratzea, umeek egunero ikusten baitute gurasoek soberan erantzuten dietela dituzten beharrei, ez bakarrik oinarrizkoei, baizik eta lagunekin, ikastetxearekin eta abarrekin erlazionatutako beharrei ere.
Gainera, umeak ikasteko zailtasunen bat edo bestelako arazo fisiko edo psikologikoren bat badu, gurasoek eguneroko bizitzaren eragozpen txikiak errazteko duten joera are gehiago handitu daiteke. Hala ere, kasu berezi horietan nahiz orokorrean, garrantzitsua da seme-alabei haien gaitasun propioak garatzen uztea, maiz ezkutuan izaten dituztelako eta egiten dutenarekin ondo sentitzen nahiz helburuak haien ahaleginen eta inplikazioaren bidez lortzen lagunduko dietelako.
