Jelosia
Anai-arreben arteko harremanetan, maitasunetik gorrotora doan sentimendu-sorta baten ondorioz sortzen diren gatazkak sortzen dira ezinbestean eta gatazkok besarkada, hozkada, musu, bultzakada, laztan edota irainen bidez adierazten dira. Gogoan izan behar dugu anai edo arreba bat izateak jolasteko lagun bat, imitatzeko eredu bat eta gatazken iturburu bat izatea esan nahi duela, baita afektuzko lotura bat ezartzea eta esperientzia esanguratsuetarako bidaide bat izatea ere.
Oro har, gurasoak gatazka-mota horietan gehiegi edo sistematikoki ez sartzeko ideia onartzen da. Gatazka horiek konpontzeko umeek baliabide autonomoak sortzea garapen psikologikorako ona dela ulertzen da.
Kontutan hartu behar da anai-arreben arteko aurkaritasuna normala dela, gurasoen txera lortzeko lehia dela eta maila batetik gora ez badoa, familia guztietan gertatzen dela normaltasun osoz.
Orokorrean, agerikoa da anai-arreben arteko gatazkak konpontzeko gurasoek haien printzipio propioak inposatzen badituzte, printzipio horiek helduak bertan daudenean baino ez dituztela beteko umeek. Umeek estrategia desberdinak garatzen dituzte haien gatazkak konpontzeko, gatazkak anai-arreben artean edo gurasoekin izatearen arabera.
Neba-arrebekin zeloak sortzen dira umeak orain arte izan duena galdu duela uste duelako. Horietaz gain zeloak inbidiarekin ere agertzen dira, besteak lortu duena berari zegokiola pentsatzen duenean.
Zenbait gurasok uste dute “txarra” dela umea jeloskor egotea, baina jakin behar da zeloak unibertsalak direla, hau da, gizakiaren ezaugarrietako bat dela eta desagertuko direla denboraren poderioz, horretarako ziorik ez dagoela konturatzen direnean.
Umearen egonezinak ahal den gutxiena iraun dezan, egokia da sentimendu horiei buruz hitz egitea. Hitz egiten badugu, umeak pasatzen ari zaienaz jabetuko dira eta hein berean gurasoengan konfiantza izango dute lagunduko diela ikusiko dutelako. Gainera, ondorio erlaxagarria izango du, horrelakoa gertatzen zaien bakarrak ez direla ikustean.
Zeloak horrela ager daitezke:
- Bestearekiko lehia irekia ahoz adierazten da: “ez dut neba-arrebatxoa maite”, “eraman dezazun nahi dut”, etab.
- Haurtxoarekiko jarduera oldarkorrak: hitzetatik jardunera pasatzen denean: umeak jostailuak kentzen dizkio neba-arrebari, sudurra estaltzen dio, etab.
- Etsaigoa gurasoekiko, molestatzen dutela dakiten jarrerekin: “desobeditu”, “eskatzen zaionari sistematikoki uko egin”, etab.
- Txikiagoak diren haurren berezko portaerak adierazi: “txupetea jarri”, “txikiagoak balira bezala hitz egiten dute”, etab.
