Komunikazio familiarra
Pertsonen arteko harremanean elkarrizketa garrantzitsua bada, familia esparruan are garrantzitsuagoa da. Komunikazioaren bidez pertsonekin harremanak ezartzen ditugu, gure pentsamenduak eta sentimenduak igortzen ditugu. Horri dagokionez, nahiz eta desberdinak izan, denek entzun, ulertu eta kontuan har gaitzaten nahi dugu.
Komunikazio on bat familia barnean harreman onak izateko eta seme-alabak hezteko giltzarria da. Horri dagokionez, seme-alabekin komunikazio egokia duten gurasoek konfiantza eta irakaskuntza igortzen diete epe ertainera eta luzera eta horretaz gain, pertsonen arteko harreman onak sortarazten laguntzen diete.
Haurrek, jaiotzen direnetik, komunikatu nahi dute eta eskura dituzten baliabideen bidez egiten dute, hau da, batez ere, negarraren bidez. Horregatik, oso garrantzitsua da gurasoek, seme-alabarekin elkarrekintzan, jaiotzen denetik, garatzen duten komunikazioa. Bertan, bizitza guztirako iraungo duen esperientziaren oinarriak ezartzen dira. Esperientzia horrek seme-alabengan, bizitzari aurre egiteko segurtasun sentimenduak, konfiantza eta norberarenganako maitasuna garatuko du.
Seme-alabekiko harremana komunikazio eta konfiantzazkoa izaten bada, euren premietara adiago egongo dira eta heziketa lanean lagungarria izango da. Seme-alabekin harreman on bat izaten denean, irakaskuntzak hartzeko eta gurasoekin arazoak konpartitzeko irekiagoak daude, euren sentimenduak, jarrerak eta nahiak adierazten ikasten dute eta beste pertsonekin harreman onak ezartzen ikasten dute.
Gogoratu behar da komunikazioa ez dela “hitz egitea” besterik gabe, baizik eta, gure keinuen, isiluneen, doinuen, jarreren, etabarren bidez komunikatzen garela. Elementu horiek guztiak jokoan sartzen dira beste pertsonekin elkar ekintzan hasten garenean eta erabakigarriak izango dira komunikazio ona edo txarra izateko.
Seme-alabei garrantzitsutzat eta baliozkotzat jotakoa komunikatzeko, beharrezkoa da horretarako aukera izatea. Hau da, elkarrizketa egoerak egon behar dira. Eta elkarrizketa hitz egitea den arren, ez da hori bakarrik, entzutea ere bada. Elkarrizketa horietan seme-alaben konfiantza garatzeko beharrezkoa da:
- Seme-alabak aintzat hartzea; gurasook aspaldi pasa genituen gauza horiek eta seme-alabak ez ditugu aspaldiko gauzak kontatzen dituzten maila baxuagoko izakitzat hartu behar.
- Komenigarria da aukera hori sermoiak egiteko ez aprobetxatzea.
- Adi entzun azaldu edo galdetu nahi dutena.
- Beraiei interesatzen zaienaz ere hitz egin.
