Aitona-amonen funtzioak
Familien egiturak aldatzen ari dira, gero eta etxe gehiagotan egiten baitute lana bikoteko bi kideek. Horrez gain, gobernuek politika gutxi eskaintzen dizkiete familiei (doako haurtzaindegiak, amatasun eta aitatasun baja luzeak, ordezko zaintzarako laguntzak, etab.).
Guraso gazteen baliabide ekonomikoak direla eta, batzuetan ezinezkoa da kanpoko norbait kontratatzea eta aitona-amonengana jotzen da. Beste batzuetan, arrazoi sentimentalak erabiltzen dira, hala nola, “aitona-amonek hobeto zaintzen dituzte haurrak”.
65 urtez gorako askok osasun ona izaten dute eta ordura arte egiten zituzten lanak egiteaz gain, seme-alabei eta bilobei laguntzeko gai dira. Belaunaldien arteko elkartasun honek adinekoekin lotutako pasibotasun eta ezer produzitzen ez duten irudia kendu egiten du (Díaz, 1995).
Biloben zaintza aitona-amonek egitea, bi modutara ikus daiteke: negatiboan edo positiboan. Lehenengo kasuan denbora falta izan dezakete aitona-amonek: bilobak artatzen igarotzen dute denborarik gehien. Bestalde, txikiak zaintzean “erabilgarritasun” berria dute euren bizitzan, “garrantzitsuak dira” eta zenbaitentzat gizarte entitatea gordetzeko biderik egokiena da (Guash, 2001).
Dena dela, seme-alabak aitona-amonekin edo beste formularen bat erabilita (haurtzaindegia, zaintzailea…) utzi dituzten gurasoak errudun eta atsekabetuta senti daitezke, nahi adina denbora eskaintzen ez dietelako seme-alabei.
Aitona-amonek gure gizartean duten zereginaren ondorioz “zeloak” eragin ditzakete gurasoengan, aitona-amonek euren erara hezten dituztelako haurrak edo gurasoen bizitzetan “sartzen” direlako. Ulertzekoa da beldur horiek izatea. Jarrera horiek ekiditeko, garrantzitsua da honakoa gogoratzea:
- Gurasoek seme-alabei aitona-amonengana estimu ona eta sanoa transmititu behar diete, ez dituzte laguntzaile huts bezala ikusi behar, baizik eta haurren trebakuntza prozesuko elementu ordezkaezintzat.
- Aitona-amona zaintzaileek abantailak ere badituzte: erabilgarriak eta baloratuak sentitzen dira, gurasoak lasaiago daude eta bilobak pozik.
- Beti gogoan izan behar da seme-alabek gurasoengandik jasotzen duten heziketaren osagarriak direla aitona-amonak. Seme-alabek amak eta aitak behar dituzte eta maitatuta, baloratuta, motibatuta eta sustatuta sentitzeko beharra izaten dute. Seme-alabak haztea eta horien jarrera bideratzea aiten eta amen ardura da, etxean egiten den bizitza giltzarria baita seme-alaben garapen psikologikorako.
| Gurasoentzako aholkuak | Aitona-amonentzako aholkuak |
|---|---|
| Aitona-amonen zeregina baloratu eta eskertu. Haurrak hazteko orduan laguntza handia baitira | Seme-alabek bilobei jarritako irizpideak eta ohiturak errespetatu, zuenak ez bezalakoak izan arren |
| Funtzioak mugatu, ez baita komeni gatazkarik sortzea | Bilobak babestu eta zaindu, baina mugak ere jarri, haurrak tirano bilaka ez daitezen |
| Entzun eta euren iritziak errespetatu | Ez kritikatu gurasoak eta ez hitz egin gurasoez gaizki bilobei |
| Seme-alabei aitona-amonen irudi positiboa eskaini, eta adinekoak errespetatzen irakatsi | Aiten eta amen bizipenak, oroitzapenak, argazkiak… transmititu bilobei. Egin daitekeen irakaskuntzarik onenetarikoa da |

