Bilbon, 2009ko apirilaren 15ean.- Gaur goizean, Abandoko Indalecio Prieto Geltokian, Nazioarteko IV. Rallyestone Rallya aurkeztu da. Apirilaren 17, 18 eta 19an egingo da, eta, bertan, 75 auto klasikok hartuko dute parte. Rallyestone 2009 probaren zuzendaria eta Automobilismoko Euskal Federazioko presidente ohia den Manolo Villaverde eta Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria eta Bilbao Kirolak erakundearen presidentea den Jon Sustatxa egon dira prentsaurrekoan.
Parte-hartzaileen datuek ondo erakusten dute Bilbao Kirolak erakundeak babestutako lasterketa hau egonkortzen ari dela zaleen artean; izan ere, aurtengoarekin, laugarren edizioa egingo da. 2006. urtean, 70 talde aritu ziren; 2007an, 85; 2008an, 100; eta, aurten, 75 parte-hartzailek eman dute izena.
Edizio honetan, iaz ere egin zen bezala, Blunik kronometraje-sistema erabiliko da. Infragorrien bitartez funtzionatzen du, eta, gaur egun, hori da teknologikoki aurreratuen dagoen kronometraje-sistema. Hori horrela, ibilgailu bakoitzak sistema bat eramango du, zeinen bitartez, puntu zehatz batzuen aurretik pasatzean, denbora jasota geratuko baita. Datu hori sistema informatiko batera bidaliko da, eta, horrela, sailkapena osatuz joango da. Berrikuntza hori aplikatu arren, segundokako kronometraje-sistema ere erabiltzen jarraituko da.
Ezagutzera eman: