Bilbon, 2009ko maiatzaren 27an. Ekainaren 1etik 7ra 'Aste Berdea' ospatuko denez, Bilboko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen Sailak, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udalsarea 21en laguntza, zenbait jarduera antolatu ditu, Bilboko eta inguruko ondare naturala jakitera emateko eta sentsibilizatzeko. Programan bertan, alderdi ludikoa eta zabalkundea bateratuko dira, eta, horrez gain, ekainaren 5ean egingo den Ingurumenaren Munduko Eguneko ospakizunen esparruan ere badago kokatuta.
Bisita Gidatuak Pagasarrira (ekainak 1-6)
Bi ibilbide prestatu dira, zailtasun handiagoko eta txikiagoko irizpideak kontuan hartuta, Bilboko biztanle guztiek hiribilduko mendi ospetsuenera igotzeko aukera izan dezaten.
Bi bisitaldietako elkargunea Buiako autobus-geltokia izango da. Bertara iristeko, badago garraio publikoa erabiltzerik (Bilbobus, 50. linea, Plaza Biribila - Buia).
Izena emateko, 010 telefonora deitu besterik ez dago. Horrez gain, bisita osoa euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera ere eskainiko da. Taldeek gidari-interprete bana eramango dute.
1. Ibilbidea: Buia– Bolintxu – Seberetxe – Buia
Zailtasun txikiko ibilbide biribila da, eta interes kulturala zein naturala du. Bisitaldian, honako hauexek egongo dira ikusgai: zenbait espezie, erriberako basoko ekosistema, inguruko kareharrizko gailurrak… Horrez gain, Seberetxeko landa-gunea ere ikusi ahal izango da, bertan interes arkitektonikoko zenbait eraikin daude-eta (jauregia, baserriak, auzo-garbilekua...). Ibilbideak 2 ordu eta 30 minutu iraungo du, gutxi gorabehera.
2. Ibilbidea: Buia – Bolintxu – Uzkorta - Pagasarri – Igertu – San Justo
Zailtasun ertain-handiko ibilbide lineala da, interes naturala du, bertako paisaia zoragarria da eta ukitu historiko nahiz etnografikoak ere baditu. Ibilbidean, malda handiko tarteak egongo dira igotzean zein jaistean. Bertan, Pagasarriko paisaia nola bilakatu den ikusiko dugu. Ibilbideak 4 ordu eta 30 minutu iraungo du, gutxi gorabehera.
Eguraldiaren araberako oinetako eta arropa egokiak ez ezik, ura eta jatekoren bat ere eraman beharko dituzte parte-hartzaileek.
Ezagutzera eman: