Bilbao.net,

  • Kolore estandarreko profila
  • Kolore urdineko profila
  • Kontraste handiko profila
2010-09-03

Alkatearen pregoia

Aste Nagusi gero eta nazioartekoagoa hedatuz doa apurka-apurka Uriaren erdialdeko kale eta plazetan zehar. Marijaiaren konpainian egin ditugun hiru hamarkadetako festa-giroa aldarrikatzeko iaz antolatu ziren ospakizun handien ondoren, zapatuan, hilak 15, abian jarriko da Europa osoko jai-programaziorik zabal eta jendetsuenetako honen 31. edizioa.

Zortzi egunetan, kalea eszenatoki izango duten adin guztietarako doako 400 ekitaldi inguruk Bilboko lekurik ezagunenak zipriztinduko dituzte, uda indarberrituta eta energiaz beteta amaitzeko asmoz.

Bilboko jaiak desberdinen arteko elkarbizitza eta tolerantziaren eredu izan dira betidanik, eta etorkizunean ere halaxe jarraitzea nahi dugu, sinetsita gaudelako, behar bezala eginez gero, jaia mesedegarria dela gorputzarentzat, eta espirituarentzat ere bai.

Alaitasunez ospa dezagun jaia, alaitasunak gaztetzen du eta. Baina gogoan izan aurtengo Aste Nagusia gurekin ospatzeko aukerarik ez dutenak. Ahalegin gaitezen Bilboko jaiek era askotako jendeak pilatzen jarrai dezaten, eta gero eta kulturanitzagoak eta gero eta kosmopolitagoak izaten jarrai dezaten, jai-eremuko mugak gainditu eta nazioarteko jaierreferentzia bilakarazteko asmoz.

Aurten ere, Uriaren izenean, egonaldirik atseginena opa dizuet ondare ez materialaren altxor izendatu berri duten “jaiaren errepublika” honetan. Hiru gomendio besterik ez: Aste Nagusiaz pozez eta neurriz gozatu, jaiak bakean izan eta... eguraldi txarrari aurpegi ona eman. Gora Bilboko Aste Nagusia!

Iñaki Azkuna
Bilboko Alkatea

Bilboko Udala/ Ayuntamiento de Bilbao/ Bilbao Council
Ernesto Erkoreka Plaza 1. 48007 Bilbo - Espainia. Telefonoa +34. 944 204 200